Pedagogian doktorea da Luis Mari Elizalde (Bera, 1959), eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Campusean ari da irakasle, hain zuzen, Irakasle Eskolan. Pedagogiaren arloan ekarpen garrantzitsuak egin ditu Erraztuz taldeak, eta bertan aritzen da Elizalde buru-belarri. Ostiralean, Ikastolen Konfederazioak Gasteizen egin dituen XIII. Jardunaldi Pedagogikoetan eskola inklusiboari buruzko hitzaldia eman zuen. Berriari argitu zizkion profesionalei azaldutako zenbait kontzeptu.
Eskola inklusiboaren beharra aipatu duzu hitzaldian; azken urte hauetan integrazioari buruz sarri hitz egin da, batez ere immigrazioaren fenomenoaren harira. Eskola integratzailea eta eskola inklusiboa gauza bera da?
Bai, funtsean kontu berdinaz ari gara. Inklusioa esaten dugunean da haiek gurean integratu behar badira, guk zer egin dezakegun, eskolak zer urrats egin behar dituen, nola ireki behar dituen ateak pertsona horiek eta kolektibo horiek egin behar duten ibilbidea errazteko. Arreta ez zaio jartzen gurera integratuko den pertsona horri, baizik eta guk egin beharko genituzkeen keinu kulturalei.
Hala ere, inklusioak ez die soilik etorkinei eragiten, gizartean beste ezberdintasun batzuk baitira. Horiei guztiei erantzutea da erronka?
Bai. Eskola ohituta dago oso era uniformean eta selektiboan lan egiten. Akademikoki, instrukzioa zegoen lehenbiziko planoan, eta edukiak ikasteko fundamenturik, gogorik edo gaitasunik ez zeukan hori ez zen gure problema, hark ikasteko zuen arazo bat. Beraz, eskola berezi batera bidaltzen genuen, lan mundura, ikasturtea errepikatzera edo pasillora. Hori izan da eskolak denbora luzean izan duen jite oso baztertzailea.
Eta zer aldatu da eskola baztertzaile horretatik eskola inklusibo batetara igarotzeko?
Orain diferentziak atzematen ditugu, onartzen da itxura homogeneoa duten kolektibo guztietan askotariko ikasleak daudela. Alegia, onartzen dugu ikasle guztiak diferenteak direla, denek dituztela gaitasun, motibazio, jatorri edo historia diferenteak, eta horren arabera espero izan behar dugula, horrekin lan egin behar dugula, neurrira egin behar ditugula jantziak, neurri bakarrean ez direlako ikasle guztiak sartzen.
Askotan irakasleen eta eskolen baliabide faltaz hitz egiten da. Hori al da eskolak dituen erronkei ekiteko benetako arazoa?
Segur aski baliabideak urri dira, nik hori ez dut zalantzan jarriko, baina, aldi berean, oso erlatiboa da. Bitxia izaten da ikastegi batean baldintza berean zenbat gauza egiten diren giza baliabide gehiago izan gabe, eta ondokoan, berriz, zenbat negar egiten den eta zer gauza gutxi egiten diren. Askotan, baliabide urritasun horrek justifikatu egiten du ez egin nahi izana, jarrera defentsiboa. Oreka bilatu behar da.
Zer eginkizun dute gurasoek eskola inklusibo horretan?
Ondo egiten den tokietan, izugarrizkoa da, batez ere jatorri kultural ezberdinetako gurasoena. Umeen integrazioaren gakoetako bat eskolak egiten duena da, baina bigarren gakoa etxeko giroa da. Hortaz, gurasoek eskolatik ez badute laguntza jasotzen, gonbita ez bada oso esplizitua, lehenbiziko harremanak ez badira oso emankorrak, ez badituzte zalantzak argitzeko foroak topatzen, eskola bazter batean uzten dute. Aldiz, laguntzen zaienean, oihartzuna dutenean, izugarri errazten da guraso horien integrazioa auzoan, eta, ondorioz, haurren integrazioa.
Hitzaldian entzundako esaldi bat hizpide hartuta, zer esan nahi du aniztasun asko ez direla errespetagarriak?
Ume batek esaten duenean me se ha , oso bere familiakoa izango da hitza, baina me se ha hori, erdaraz, oso itsusia da. Ezin dugu errespetatu. Ume batek ez baditu ohitura onak otorduetan, nik hori ez dut errespetatuko, oso bere etxeko kontua izango da edo auzoko girokoa izango da, baina horren aurka egin behar dugu. Hori marjinazioa da, eta horrek kalte besterik ez dio egiten, pertsonari eta taldeari. Eskolak hori saihestu behar du. Aniztasuna, ordea, sustatu behar da, ikaslearen ezaugarriak, folklorea, hizkera, usadioak, hori guztia oso aberasgarria delako. Gainera, batzuetan aniztasun hori indartu behar dugu, pertsona batek gaitasuna badu zerbaitetarako, musikarako, edo eskulanak egiteko, ez dugu mantenduko bestearen parean hala tokatzen delako, hura aberastera joan behar dugu, horretan diferentziak sortu behar ditugu.
Baina errespetatu behar den eta errespetatu behar ez den aniztasunaren arteko muga oso labainkorra da
Bai, bai, oso problematikoa da. Oraintxe, Frantzian pil-pilean egon den gaia dago, zapiarena, alegia. Ikusi behar da zapi hori noraino den balio bat, noiz den aberasgarria eta noiz diskriminatzailea. Neskaren kultura islamista errespetatu nahi dugu, baina emakume gisa ere errespetatu nahi dugu. Kontraesan horretan gaude, muga horretan gaude, izugarrizko arazoa dago, baina dilema horiek oso heziketaren mundukoak dira.
Noraino da egungo eskola askotariko gizartearen isla?
Gero eta gehiago onartzen dugu ez dugula eskubidea jendea hautatzeko eta batzuk baztertzeko. Egiten da, oraindik ere ijitoekin egiten da, osasun arazo serioak dituztenekin egiten da. Hala ere, eskolak gero eta gehiago askotariko gizartearen isla gara, baina askotan diferentziak desberdinkeriak dira, eta eskolak horren aurkako iraultza egin behar du. Gizartea sexista bada, guk ez dugu zertan sexista izan. Sarritan eskola gizartearen isla da, baina beste batzuetan kontrakultura egiten ahalegintzen da, eta hori oso utopikoa da batzuetan.
2010/12/01
«Onartu behar dugu ikasle guztiak ez direla neurri bakar batean sartzen»
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
0 comentarios:
Publicar un comentario